Iñigo Muguruza musikariak (Kortatu, Delirium Tremens, Negu Gorriak) Sergio Ordoñez eta Jabier Muguruza anaiarekin 1996an sortutako taldea  da Joxe Ripiau. Aurrerago, Asier Ituarte tronboi jotzailea batu  zitzaien. Dominikar Errepublikako Perico Ripiao izeneko taldeen eredua  hartuz, dantzarako musika karibearra landu zuen Joxe Ripiauk lau  diskotan. 2000. urtean desegin zen, eta Iñigo Muguruzak Sagarroi sortu zuen.  
Negu Gorriak desegin aurretik plazaratu zuen  Iñigo Muguruzak (Irun, Gipuzkoa, 1964) bere talde berria. Erdialdeko  Amerikara egindako bidaietan ezagutu zituen Perico Ripiao izeneko  taldeak. Abeslari batek eta hiru musikarik (guira, tambora eta akordeoi  jotzaile bana) osatu ohitu dute Perico Ripiao bat, eta erritmo azkarreko  dantzarako musika egiten dute. Eredu hori bere erara moldatuz, Joxe  Ripiau sortu zuen Muguruzak (baxua), Jabier Muguruza anaiarekin  (akordeoia) eta Sergio Ordoñezekin (perkusioa eta guira).
Karibeko  erritmo bero, alai eta dantzagarriak jorratu zituen Joxe Ripiauk  1996tik 2000ra bitartean: ska, reggae, raggamuffin, merengue, cumbia...  Kontzertuak ematen hasi aurretik grabatu zuen lehen diskoa, Positive bomb (Esan Ozenki, 1996), eta udako kontzertuetan eman zuen ezagutzera egitasmo berria. Disko hartan bi bertsio esanguratsu zeuden: "Cherry oh baby" (Eric Donaldson) eta "Pressure drop" (Toots & The Maytals) klasiko jamaikarrenak. Hurrengo urteetan heldu ziren Karpe diem (Esan Ozenki, 1997), Paradisu zinema (Esan Ozenki, 1999) -disko horretako kantu bakoitza film bati lotuta zegoen: Casablanca, Chinatown, Los olvidados, Usual suspects, Zelig...- eta Bizitza triste eta ederra (Esan Ozenki, 2000). Hirugarren diskotik aurrera Asier Ituarte  (tronboia) taldeko kide bilakatu zen. Disko bakoitzak areagotu egin zuen  Joxe Ripiauren arrakasta -"Pedro Mayo", "Kaiser Sose", "Paradisu zinema" eta beste hainbat kantu oso entzunak izan ziren-, eta atzerrian  kontzertuak eskaintzeko bidea ireki zion. Besteak beste, Alemanian,  Italian, Suitzan, Marokon eta Japonian aritu zen, baina Euskal Herritik  kanpo Herrialde Katalanetan lortu zuen harrerarik onena. Haatik, Kortatu  eta Negu Gorriak-ekin gertatu zen bezala, bere onenean zegoela taldeari  amaiera ematea erabaki zuen Iñigo Muguruzak.
Ordurako buruan zuen talde berri bat sortzea, oso bestelakoa. Berriz  gitarrari heldu eta Sagarroi jarri zuen martxan 2001ean, Carlos Zubikoa  (baxua; Apurtu) eta Gorka Baskaran (bateria; Gatazka, Be Quiet)  taldekideekin. Joxe Ripiauren beste muturrean kokatzen zen Sagarroi  estiloari zegokionez, rock eta hardcore ilunari lotzen baitzitzaion. Meatzaldea diskoarekin (Metak, 2001) plazaratu zen. Lan horretan hiru bertsio grabatu zituen hirukoteak: "En el claro de la luna" (Silvio Rodriguez), "Homo homini lupus" (Beti Mugan) eta "Bizitza triste eta ederra da" (Joxe Ripiau). Euskal Herrian ez ezik, Madrilen, Bartzelonan, Suitzan,  Zagreben, Belgraden eta Kuban aurkeztu zuen diskoa zuzenean. Hala ere,  diskoak oihartzun txikia izan zuen, eta Joxe Ripiauren izpiritua  berreskuratzea erabaki zuen Muguruzak. Doinu dantzagarri eta alaietara  itzuli zen, Asier Ituarte bilduz taldera berriz ere. Bigarren aro  honetan lau disko atera ditu Sagarroik: Euria ari duela (Metak, 2003), Toulouse (Metak, 2004), Baleike (Kasba Music, 2006) eta Haikua (Sagarroi Ekoizpenak, 2009). Tarte horretan, Antzerkiola Imaginarioaren Ezekiel antzezlanerako musika sortu eta antzezpenetan aritu zen jotzen, eta  bira bat egin zuen Japonian. 2007an Miren Gaztañaga abeslari eta Ezekiel antzezlaneko aktorearekin boskote bihurtu zen taldea. Bestalde, Iñigo Muguruzak film labur bat zuzendu zuen 2001ean, Nahia. Sagarroi 2010. urtean desegin zen.
Joxe Ripiauko gainerako taldekideetatik, Jabier Muguruzak bakarkako  ibilbide emankorra garatu du urte hauetan, eta Sergio Ordoñez Esne Beltza taldean ari da gaur egun.
Testua: Jon Eskisabel
