A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z #

Ï€. l. t

CD

Ï€. l. t
PI.L.T.

PI.L.T.

 

Argitaratua
1996
Formatua
CD
 

Ï€. l. t
Denbora

Denbora

 

Argitaratua
1998
Formatua
CD
 

Ï€. l. t
3

3

 

Argitaratua
2004
Formatua
CD
 

Ï€. l. t
Minus

Minus

 

Argitaratua
2004
Formatua
CD
 

Ï€. l. t
Game Over

Game Over

 

Argitaratua
2004
Formatua
CD
 

Mungiako (Bizkaia) talde ausart honek euskal rock eta metalari aire berria eman zien 90eko hamarkadan, eta agerian utzi zuen irudimenez eta aurreiritzirik gabe oso urrun hel daitekeela. Bost disko kaleratu zituzten, eta Euskal Herritik kanpo ere jarraitzaile asko lortu zituzten. Taldeak azkena eman ostean, Rafa Rueda abeslari eta gitarristak bakarkako bideari ekin dio.

Broken Bihotz taldeko Rafa Rueda (ahotsa eta gitarra) Aitor Abio (teklatuak) eta Jose Manuel Sampedro Xanpe-rekin (bateria) elkartu zen 1993an, rockaren barruan bestelako bide batzuk arakatzeko. Broken Bihotzekin pop-rock disko bat argitaratua zuen Ruedak, Denborak izen gradua galtzen duenean (IZ, 1992), eta Xanpe D69 eta Sentencia taldeetan ibilia zen. Hirukoteak osatu zuen taldearen ardatza, baina berehala Txarli Solano (baxua) batu zitzaien. Artean izenik ez zutela, entsegu batean lokaleko argia joan egin zen, eta grabagailua 3 minutu eta 14 segundotan gelditu zen. Lapsus tempore haren ostean, bazuten izena: PiLT. Lokalean bi maketa grabatu, eta bakarra saldu zuten. Hortik aurrera, gurpil zorora igo ziren: Euskadi Gazteko V. Maketa Lehiaketa irabazi zuten, Egin Txotx! lehiaketarako sailkatu, Bilbo Hiria pop-rock lehiaketan akzesita jaso...

Leioako (Bizkaia) Ama Irlandarren Ikastetxean grabatu zuten lehen diskoa, zuzenean eta zortzi egunean. Jose Lastrak grabatu zuen, aldageletan estudio txiki bat egokituta. Rocka, metala eta funky doinuak batu zituzten Pi.L.T estreinako lanean (Esan Ozenki, 1996), nazioarteko eragin indartsu eta berritzaileak bereganatuta. Ruedak "adreilu" hitzarekin definitu zuen diskoaren edukia. "Hil da jainkoa" lehen singleak ate asko zabaldu zizkien, baina entzule asko azalean gelditu ziren. Ideia berritzaile asko ekarri zituzten, eta zuzenekoetan probokazioarekin eta performance-arekin jokatzen zuten: buzo zuriekin edota dantzariz jantzita, bidoiak jotzen... Teklatuaren erabilera nabarmentzekoa zen: «Beti iruditu zaigu teklatua gaizki aprobetxatutako elementua dela, kutsu despektibo edo berbeneroa duena. Teklatua errebindikatu nahi genuen; gainera, rockarekin izan ditzakeen konbinazioak itzelak dira» (1). Unai Iturriaga bertsolariak idatzi zituen bi kanturen hitzak, "Erraietatik" eta "Betirako ameskaitza", eta bitxikeria gisa, inprobisaturiko pare bat pasarte instrumental ere jaso zituzten, "Jolasean I" eta "Jolasean II".

Kontzertu ugari egiten hasi ziren, eta horietako batean Clawfinger taldearekin harreman ona egin zuten. Horren ondorioz, elkarrekin kontzertu gehiago egitera gonbidatu zituzten norvegiarrek, esaterako Akizeko (Frantzia) nazioarteko jaialdian, 1997an. Urte berean, L´asturianu muévese Asturiasko hizkuntzaren aldeko bildumarako "Hil da jainkoa"-ren asturierazko moldaketa grabatu zuten (Dios ya morrió), Dixebra taldeko abeslari Xulio Eliperen laguntzarekin; halaber, Ikastola berria eraik dezagun Zuberoan bildumarako (Esan Ozenki, 1997) Aldapeko herri kantua moldatu zuten.

1998an, Unbe mendiko Sagarminaga baserrira jo zuten, Jose Lastrarekin (Ama Say) bigarren diskoa grabatzera. Prozesu esperimentala izan zen, eta kantu batzuk aire librean grabatu zituzten. Denbora-k (Esan Ozenki, 1998) kutsu industrial handiagoa dauka eta joera berrietatik hurbil dago. Hitzetan, Unai Iturriaga eta Igor Martin de Vidalesen laguntza izan zuten, baina kantu gehienak Rafa Ruedak idatzi zituen.

Luze gabe, hirugarren diskoa heldu zen. Lehenengo aldiz, grabazio estudio batean sartu ziren prozesuaren hasieratik, Tio Pete estudiora hain zuzen. 3 (Esan Ozenki, 1999) zuzenekoetan pentsatuz egin zuten, eta sinpletasunaren bila jo zuten. Maketako kantu bat berreskuratu zuten, "Bihar". Ordurako taldeak ospea irabazita zeukan Espainiako metal zaleen artean, eta horren adierazle da Judas Priesten omenezko disko batean parte hartzera gonbidatu izana. "Hard as iron" izan zen Tributo a Judas Priest bildumari (Zero, 2000) Mungiako laukoteak egindako ekarpena.

Kontzertuez neka eginda, urtebeteko atsedena hartu zuten. Abestiak patxadaz egin ahal izan zituzten, baina asko sufritu zuten zuzenekorik gabe. Hortik dator izenburua: Minus (Metak, 2002). Txarli Solanok taldea utzi, eta Evirus 69 taldeko David Gonzalez baxu jotzaileak ordezkatu zuen. Horrekin batera, Jose Lastra eta Tio Pete alboratu, eta Garate estudiora jo zuten, Haritz Harregi soinu teknikariarengana. Hitzetan inoiz baino laguntza handiagoa jaso zuten kanpotik. Unai Iturriaga, Jon Maia, Igor Elortza, Kirmen Uribe eta Txuma Murugarrenek kantu bana idatzi zuten. Kolaboratzaileak ere bat baino gehiago izan ziren: Mikel Urbeltz biolin jotzailea, Aiora Renteria abeslaria (Zea Mays) eta Sergio Ruiz (Eraso!). Emaitza abesti luze eta pisutsuak dira, stoner kutsu handikoak. Askoren ustetan, taldearen disko onena da.

Ordurako, Rafa Rueda hasia zen beste bide batzuk urratzen, Txuma Murugarrenen musikari gisa, baina baita bakarlari gisa ere. Bakarkako lehen diskoa atera ondoren, Kea (Metak, 2003), PI.L.T.ek azken diskoa kaleratu zuen, Game over izenburu aski zehatzekoa (Metak, 2004). Abio teklatu jotzaileak taldea utzi, eta beste hirurak Azkarateko Katarain estudioan sartu ziren. Xanpek ekoitzi zuen, Angel Katarainekin batera. Teklaturik gabe, emaitza ez da hain aberatsa, eta gertuago dago stoner eta rocketik. Handik gutxira, taldea desegin egin zen.

Geroztik, Rafa Ruedak bakarkako bideari eutsi dio, Saredun eskua (Gaztelupeko Hotsak, 2006) eta Zuhaitz okerretan gora noa (Autoekoizpena, 2008) kaleratu ditu, eta ekoizpen lanak egin ditu beste musikari batzuentzat (Petti, Anje Duhalde, Jon Enbeita...). Estepan Urkiaga Lauaxeta-ren omenezko Ehungarrenean hamaika diskoa ere (Gaztelupeko Hotsak, 2005) koordinatu du. Xanpe, berriz, Gu Ta Gutarrak taldearekin aritu da, eta David Gonzalezek baxua jo du Gari eta Pettiren taldeetan, bere talde propioa sortu du (Cobra) eta gaur egun Berri Txarrak taldeko kidea da. Bestetik, Aitor Abiok Matxura taldea sortu du Mikel Kazalis (Anestesia, Negu Gorriak, Kuraia), Fer Apoa (El Corazon del Sapo, Kuraia, Estricalla) eta Txarly Diazekin (Gutural, Anestesia, Why Not?).

Testua: Iker Barandiaran