Hasierako taldetik Aitor Ibarra Auo (ahotsa) eta Paul Erdozia (bateria) baino ez dira gelditzen Etsaiak-en.  Haiekin batera Jokin Erdoziak (baxua) eta Martin gitarristak osatu  zuten taldea Lekeitioko gaztetxean, eta 1987ko abuztuaren 15ean eman  zuten lehen kontzertua, gaztetxean bertan. Haatik, hurrengo urteetan  aldaketa ugari izan ziren taldean, baina Iñigo Arrasate Iñigito eta Txarri gitarristak sartzearekin batera, sendotu egin zen Etsaiak.  Gaztelaniaz eta euskaraz abesten zuen taldeak lehen urte haietan.
Lehen maketa 1991n grabatu zuten, Lorentzo Records estudioan (Berriz, Bizkaia). Grabazioa ordaintzeko dirurik ez zutenez, kamiseta  batzuen truke erabili ahal izan zuten estudioa, bi egunez. Euskal  Herrian autogestioaren bidez banatu zuen taldeak maketa, baina Espainian  Madrilgo Potencial HC arduratu zen hura zabaltzeaz. Maketa hura CD  formatuan berrargitaratu zuten urte batzuk geroago, zuzeneko beste kantu  batzuekin batera, Amen izenarekin (Oihuka, 2003).
1992an, Jokin Erdoziak taldea utzi zuen, eta Josu Arrasate Artrofi-k hartu zuen haren lekua. Maketaren oihartzuna Esan Ozenki diskoetxeko arduradunengana heldu zen, eta lehen diskoa grabatzeko  proposamena egin zioten taldeari. Maxi bat grabatzea zen hasierako  asmoa, baina azkenean disko luzea bihurtu zen, bi zatitan grabatua.  Beren kantuena bezalako abiadura bizia hartu zuen taldearen ibilbideak  lehen diskoa kaleratu eta gero. Gaztetxe eta etxe okupatuetan hasi ziren  jotzen, baina, kontzertuz kontzertu eta diskoz disko, milaka gaztek  egin zuten bat taldearen doinu eta mezu bortitz eta zuzenekin. Gorakada  horretan, izugarri bultzatu zituen Negu Gorriak taldeak, hainbat kontzertu hasteko gonbidatu baitzituen.
90eko hamarkada oso emankorra izan zen taldearentzat. Presoak S.O.S. (Esan Ozenki, 1994), Gerra zikina (Esan Ozenki, 1995), Bakearen guda (Esan Ozenki, 1997) eta Askatasunaren taupada (Esan Ozenki, 1999) diskoak argitaratu zituen, eta Euskal Herriko  jaialdi jendetsuenetan parte hartu zuen:  Egin Txotx, Egunkariaren Jaia,  Euskal Herria Zuzenean, Ibilaldia, Elkartasun Eguna... Tarte horretan, zenbait aldaketa jazo ziren taldekideen artean: Keu Agirretxea (gitarra), Mikel Arakistain (baxua), Afrika Bibang (ahotsa) eta Aritz Elordieta Toki (perkusioa) sartu ziren taldean, besteak beste. Halaber, Euskal Herrian  ez ezik, Mexikon ere arrakasta handia lortu zuen 80ko hamarkadako  euskal punk taldeen jarraitzaileen artean (La Polla Records, Eskorbuto,  RIP...). Ondorioz, hiru alditan, 1993, 1995 eta 1999an, joan zen Etsaiak  Mexikora kontzertuak ematera. Kuban, Suitzan, Katalunian eta Frantzian  ere aritu zen taldea. RIP taldearekin harreman berezia izan du  Etsaiakek, eta haren izpirituaren ordezkotzat jo daiteke. "Antimilitar", "Lepoan hartu", "Mundo muerto", "Crimen de estado" eta Arrasateko taldearen beste zenbait kantu jo eta grabatu ditu Etsaiakek.
Gipuzkoan Oiartzungo Pagoa aretoan eta Lapurdin Kanboko Gazte Topagunean grabatuko zuzeneko disko batekin itxi zuen Etsaiak taldeak 90eko hamarkada zirraragarria. Hurrengo urtean, Kaos (Metak,  2001) argitaratu zuen, baina ondoren lan erritmoa moteldu egin zuen  taldeak. Proiektu paraleloak martxan jartzeko baliatu zuten taldekideek  geldialdia: Auok Pin Pan Pun Band sortu zuen, Paul Erdoziak Nok taldea, Iñigo Arrasatek Txapelpunk, eta Keu Agirretxeak Fjord eta UEK.  Lehen maketa berrargitaratu ostean, 2003an, etenaldia egitea erabaki  zuen taldeak. Hurrengo urteetan, une jakin batzuetan baino ez ziren  elkartu, kontzertu bakan batzuk emateko, hala nola Gazte Topagunean eta  Donostiako Aste Nagusian, baina 2007an berriz kantuak sortzeari ekin  zioten, eta 2008an Apurtu arte (Baga Biga)  kaleratu zuten, Etsaiaken azken diskoa. Aurretik, Keu Agirretxeak eta  Mikel Arakistainek taldea utzi zuten, eta haien ordez Txusek hartu zuen  gitarra, eta Artrofi taldera itzuli zen. Hasierako estilo eta jarrerari  eutsi dio taldeak lan horretan, eta bide beretik segitzeko asmoa du.
Testua: Jon Eskisabel
