A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z #

Kuraia

CD

Kuraia
Kuraia

Kuraia

 

Argitaratua
2001
Formatua
CD
 

Kuraia
Iluntasunari barre

Iluntasunari barre

 

Argitaratua
2003
Formatua
CD
 

Kuraia
Piztu da piztia

Piztu da piztia

 

Argitaratua
2005
Formatua
CD
 

Punk-rockaren eta 70eko hard-rockaren oinarrietatik abiatuta, Kuraiak bat egin zuen 2000ko hamarkadaren hasieran nazioartean lantzen ari zen energiaz gainezkako rockarekin. Joseba Poncek (Dut) eta Fernando Gimenok (El Coraz├│n del Sapo) bultzatu zuten proiektua, baina laukote trinko eta sendo gisa egin zuen zazpi urteko ibilbidea. Tarte horretan, gitarra sutsuetan eta erritmo bizi nahiz astunetan oinarritutako rock-and-rolla zabaldu zuen hiru diskotan.

Dut taldeak ez zuen 2008ra arte iragarri behin betiko agurra, baina zortzi urte lehenago, 2000an, Askatu korapiloa diskoa kaleratu eta zuzenean aurkeztu ondoren, Joseba Ponce taldeko baxu jotzailea bere proiektu berria izango zena prestatzen hasi zen. Poncek bazituen etxean egindako kantu batzuk Duten estilora egokitzen ez zirenak, eta Zaragozako El Coraz├│n del Sapo taldea geldirik zegoela jakinda, Fernando Gimenorengana jo zuen, El Coraz├│n del Sapoko kantariarengana, Duten hardcore ilunaren aurrean, oinarriak punk-rockean eta hard-rockean izango zituen taldea osatzeko. Poncek baxua utzi eta gitarra hartu zuen eta Fernando bihurtu zen taldeko abeslari eta frontman-a. Berehala, disko bat grabatzeko ideia bueltaka hasi zitzaienean, Galder Izagirre (Dut, Berri Txarrak) eta Mikel Anestesia (Anestesia, 2 Kate, Negu Gorriak) batu zitzaizkien, bateriarekin eta baxuarekin, hurrenez hurren.

El Coraz├│n del Sapok askotan jo zuen Euskal Herrian, eta harreman estua egin zuen bertako taldeko askorekin. Hori dela-eta Fernando Sapok berak eskaini zuen bere burua euskaraz abesteko, eta lehen diskoko 11 kantuetatik bederatzi euskaraz kantatu zituen. Gainerako biak, bat gaztelaniaz ("Infierno") eta bestea aragoieraz ("G├╝ello gorria") ziren.

Kuraia (Metak, 2001) estreinako lana Zarauzko Fidelenean grabatu zuten Karlos Osinagaren (Lisab├Â) ardurapean, eta "Ni ere" lehenengo kantutik aurkezten zuen bere erreferentzia eta asmoak. Punk-rock eta hard-rock oinarrizkoa baina garaikidea zuten buruan taldekideek, eta urte haietan nazioartean loraldia bizitzen ari zen generoa -sasoikoak ziren The Hellacopters, Gluecifer, Turbonegro- euskarazko musikara ere ekarri zuten. "Ez genuen ezer berririk egitea bilatzen, eta hain zuzen, ez dugu ezer asmatu (...). Musika estandarra da. Alegia, Dut, Anestesia edota El Coraz├│n del Saporena baino zabalagoa den publiko batentzat egina dago. Oinarrian punk-rocka dago, baina rockaren aldaera asko daude nahastuta: new wave ukituak ditu, hardcore ukituak, heavy ukituak, killer ukituak, garagea...", adierazi zuen Poncek diskoa argitaratu berritan (1). Hitzei dagokienez, baziren kritika sozial eta politikoa egiten zutenak ("Bizi gera"), baina baita kriptiko eta poetikoagoak ere ("Biluztu", "Ezin gelditu").

Kuraia disko bat grabatu eta kontzertu gutxi batzuk egiteko asmo hutsarekin sortu zen. Ez zuen proiektuaren hastapenetan luzerako helbururik, taldekide guztiak beste talde batzuetatik baitzetozten. Nolanahi ere, 2002. urtean kontzertuak egiteko eskaerak pilatzen joan zitzaizkion taldeari, eta azkenerako, bira arrakastatsua egin zuen Euskal Herrian eta baita Espainian eta Katalunian ere. Horrek, gainera, adorea eman zien proiektuari segida emateko. Dut, Anestesia eta El Coraz├│n del Sapo geldirik zeuden, eta lau kideek Kuraian jarri zuten indarra.

Bigarren diskoa prestatzen hilabeteak pasatu zituzten lau kideek, eta 2003ko udan Zarauzko Fidelenean eta Oiartzungo Arritxulo mendi aterpean sartu ziren hura grabatzera. Aurrekoa bezala Karlos Osinagarekin grabatu zuten Iluntasunari barre (Metak, 2003), eta ondoren Angel Katarainek masterizatu zituen kantuak Azkarate estudioetan. Diskoak aurrenekoaren bidea jarraitzen zuen, baina izenburuarekin lotuz, ukitu ilunagoak biltzen zituen, soinu trinkoagoak, eta stoner-rocketik gertuago zegoen punk-rock klasikotik baino. Arlo politiko eta sozialean urte gatazkatsua izan zen -Euskaldunon Egunkaria itxi zuten-, eta horrek ere eragina izan zuen diskoari zerion iluntasunean. "Kantu hauek oso lotuta daude azkenaldiko gertaera sozialekin, eta pertsonalekin ere bai, beharbada. Letrak ez dira batere positiboak, nahiz eta oasi txiki batzuk badauden. Negatiboak baino gehiago, gordinak dira. Izenburuak adierazten du umorea ezin dugula galdu, eta umorearekin batera itxaropena ere ez" (2). Iluntasunari barre-k Kuraiaren errepertorioan leku nabarmena hartu zuten hainbat kantu ditu, besteak beste, "Udaberri azidoa" edota "Nik ez". Bigarren lan horretan ere gaztelaniaz idatzitako kantu bat sartu zuten: "Ojo de pez".

Iluntasunari barre-ren prestaketak eta grabazioak lan handia eskatu zien taldekideei, eta ondorioz, diskoa aurkeztu ondoren, atseden txiki bat hartu zuten. 2004rako, ordea, berriro zuzenean jotzen ari ziren, eta urte hartan Suitzatik eta Italiatik igaro zen Europako bira txiki bat ere egin zuten. Gasteizko Azkena Rock jaialdian ere jo zuen taldeak 2004ko irailean. Hala ere, lehenengo diskoaren aurkezpenarekin alderatuta, lasaiago hartu zituen taldeak Iluntasunari barre-ren aurkezpen kontzertuak.

Hilabete batzuk pasatu behar izan ziren Kuraiaren berri ostera ere izateko, baina atseden hartuta, 2005eko udaberrian lan diskografiko berri batekin itzuli zen laukotea. Piztu da piztia (Metak, 2005) izenburua jarri zioten CD formatuan ez ezik, 10 hazbeteko binilo formatuan ere argitaratu zuten lan labur horri, eta diseinu ikusgarri batekin jantzi zuten. Bertan Godzilla agertzen da Donostia mehatxatzen. Piztu da piztia-k 20 minutu besterik ez ditu irauten eta sarrera batez gain, sei kantu jasotzen ditu, guztiak lelo itsaskorrekoak eta zuzen-zuzenak. Hala, Iluntasunari barre-ren trinkotasunaren eta iluntasunaren aurrean, energia bizi eta alaiagoa darie "Piztu da piztia", "Zebra" edota "Birakari" kantuei. Prestaketa modua ere oso ezberdina izan zen, bigarren diskoa hilabeteetan landu zuten bitartean, Piztu da piztia bat-bateko lanaren emaitza izan baitzen, Mikel Kazalisek zioenez. "Freskotasunez egin dugu lan: batere entsegatu gabe, kantak erdi eginda zeudela, grabatzera sartu ginen zuzenean. Adibidez, grabatzen hasi ginenean, ahotsaren melodiak egin gabe zeuden. Horrela lan egitearen alderik onena zera da: oso disko freskoa geratzen dela, eta gauzei ez dizkiezula buelta asko ematen" (3).

2006. urtean, besteak beste, Etxarri-Aranazko Gazte Topagunean eta Bilboko Aste Nagusian eman zituen kontzertuak Kuraiak, eta 18/98+... auzolanean diskorako kantu bat ere grabatu zuen, Kyuss taldearen musika eta Xabier Silveiraren hitzak uztartuta: "Hemezortzi hizki". Azken kontzertua ere 2006. urte hartan eman zuen Kuraiak. Azaroaren 11n izan zen, Tolosako Bonberenean, Freak Kennedys taldearekin batera.

Hortik aurrera, Kuraia itzali egin zen. Mikel Kazalisek berpiztu egin zuen Anestesia 2005ean, eta gainerako taldekideak poliki-poliki itzuli dira beste proiektu batzuekin. Fernando Apoak Estricalla taldea sortu zuen 2009an, eta Galder Izagirre, bere aldetik, Berri Txarrak taldeko bateria jotzaile berria bilakatu zen 2010ean Aitor Goikoetxeak taldea utzi ondoren. Horrez gain, 2011. urtean Matxura sortu dute Kazalisek, Fernando Apoak, Aitor Abiok (PI.L.T.) eta Txarly Diaz (Gutural, Anestesia, Why Not?) eta lehen diskoa kaleratu dute.

Testua: Mikel Lizarralde

  • (1) Euskaldunon Egunkaria, 2001eko azaroaren 23
  • (2) Berria, 2003ko urriaren 15a
  • (3) El Diario Vasco, 2005eko maiatzaren 27a