A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z #

Anari

CD

Anari
Anari

Anari

 

Argitaratua
1997
Formatua
CD
 

Anari
Habiak

Habiak

 

Argitaratua
2000
Formatua
CD
 

Anari
Zebra

Zebra

 

Argitaratua
2005
Formatua
CD
 

Bere burua definitu du Anari Alberdik (Azkoitia, Gipuzkoa, 1970) orain arte argitaratu dituen lau diskoen bidez. "Lehenengo diskoa (Anari) Gasteizen egin nuen, Azkoititik kanpo; Habiak bikoteari buruzko gogoeta izan zen; eta Zebra bakarrik egotetik eginiko gogoeta da" (1). Irla izan diskoak osatzen du Anariren gaur egun arteko ibilbidea. Indar emozional handiko kantuak sortzen ditu abeslari gipuzkoarrak, hala rock gordinetik nola poesiatik hartzen dutenak.

Anari bakarkako lehen diskoa argitaratu aurretik (Esan Ozenki, 1997), Psych Out taldean bateria jo zuen Anari Alberdik. Akauzazte taldeko kideek osatzen zuten taldea, eta ingelesez kantatzen zuten. Gero etorri zen bakarkako ibilbidea, euskaraz. Lehen disko hura Mikel Abregorekin (Bap!! eta Negu Gorriak taldeetako bateria jotzaile ohia, gaur egun Inoren Ero Ni-n) eta Xabi Strubellekin (Dut taldeko gitarrista ohia, gaur egun Zura taldekoa) egin zuen Anarik. Anarirena zen diskoa, eta musikariak horretara jarri ziren.

Hurrengo diskoetan taldearen presentzia bestelakoa izan zen. Eta diskoen lanketa bera ere bai; lehenengo horretan kantuz kantu egin zuen diskoa, Hans Magnus Enzensberger, Eduardo Galeano, Joseba Sarrionandia eta Ruper Ordorikaren hitzetatik abiatuz, eta Habiak (Esan Ozenki, 2000) nahiz Zebra (Metak, 2005) diskoetan kantu batetik, ideia batetik, garatu zuen lan osoa. Letrei begiratuz, baina, hurrengo diskoetan ere agertzen diren ezaugarri batzuk ikusten dira Anari-n: zalantzak eta galderak, bakardadea eta beldurrak. Musikari dagokionez, Pello Ramirezen biolontxeloaren presentzia nabarmentzen da lehen disko horretan. Kritikak beso zabalik hartu zuen Anariren estreinaldia.

Baita bigarrena ere: Habiak. Dotorea bezain iluna da, eta musikak, hitzek bezala, ikaragarrizko larritasuna islatzen du. Lehen diskoan bezala, biolontxeloa da Habiak diskoaren oinarri sendoetako bat, eta horrexek markatzen du melodia; letretan, berriz, "Denbora" amari eskainiriko kantua izan ezik, bikoteari eta harremanei buruzko gogoetez josita dago. Nick Cave kantari australiarraren edota Tindersticks taldearen oihartzuna du diskoak.

Kaki Arkarazok ekoitziriko bigarren disko horretan ere, Mikel Abregok eta Xabi Strubellek hartu zuten parte, Xabier Olazabal Drake (Bap!!-eko baxu jotzailea), Ruper Ordorika, Pello Ramirez, Mikel Azpiroz (Lau Behi, Elkano Browning Cream) eta Pettiren kolaborazioekin, beste batzuen artean. Bi urtez aritu zen Anari Habiak zuzenean jotzen, eta publikoaren eta kritikaren onespen osoa izan zuen.

Eta handik bost urtera iritsi zen Zebra. "Erori banaiz ere, gorantz erori naiz / nola urazaleratzen diren arrainak hiltzean" esaldiarekin hasten da hirugarren diskoa: "Diskoa grabatzen hasi aurretik banekien kantu horrekin hasiko zela. Nire bizitzan pisu handia izan duen esaldia da" (1). Zebra-rekin ziklo bat itxi nahi izan du Anarik: "Ziklo baten amaieran nagoen sentipena daukat. Hiru disko izan dira, eta nahiko nuke beste zerbait egin aurrerantzean, nire bizitzako momentu luze baten inguruko hiru disko izan direlako" (1). Lan horretan, soinu elektrikoan murgildu zen Anari; ordura arte bere lanetan erreferentzia izan den biolontxeloa bazterturik, gitarretan oinarritu zen, inoiz baino rockeroagoa agertzeko. Soinua aurrekoetan baino gogorragoa da, baita hitzak ere. Zebra iraupenari buruzko abestitik abiaturik, bakarrik egotearen inguruan sorturiko gogoetak biltzen ditu diskoak.

Atzean izan zuen taldea inoiz baino gehiago izan zen taldea. Musikarien jotzeko erak Anariren nortasunarekin bat egin zuen. Mikel Abregok, Xabier Olazabal Drake-k, Borja Iglesiasek (gitarra; Hotel) eta Lisabö taldeko Karlos Osinaga Txap-ek (teknikaria) osatu zuten taldea. Berriz ere, kritikariak goraipatu egin zuen Anariren lana, eta, esaterako, 2005ean Espainian argitaraturiko disko onenen zerrendan jarri zuen Bartzelonako Rockdelux aldizkariak, bigarren lekuan hain zuzen.

Diskotik diskora aldatu egin nahi izan du Anarik: "Niretzat aldatzea ezinbestekoa da sormena bizirik izan nahi badut. Beste lurralde batzuetara eraman behar dut neure burua. Asma liteke, ala ez, baina nik aukeratu dudan aldaketa da, eta hori ona da" (2).

Bigarren eta hirugarren diskoaren artean, Petti abeslari nafarrarekin partekaturiko disko txiki bat argitaratu zuen 2003an, Metaken Pil-Pil Sessions sailean: Anari ta Petti. Bakoitzak bina kantu grabatu zituen, eta batak bestearenetan abestu zuen. Horrez gain, beste zenbait kantu grabatuak ditu Anarik askoren artean egindako diskoetan: "Postariarena" (Ikastola berria eraiki dezagun Zuberoan, Esan Ozenki, 1997), "Ilargi barruan" (Oztopo guztien gainetik Bonberenea, Bonberenea Ekintzak, 2002) eta "Muga kanta" (Acuarela Songs, Acuarela, 2004).

2007an, Inoren Ero Ni eta Lisaböko jendearekin, Bidehuts diskoetxea sortu zuen, beren lanak argitaratzeko. Eta, hala, 2008ko urtarrilean zuzeneko EPa argitaratu zuen. Bilboko Kafe Antzokian Zebra aurkezteko biraren barruan emandako kontzertuaren zati bat jasotzen du diskoak; bost kantuen artean, Dut taldearen "Haize eza" kantuaren bertsioa dago.

Geroago etorri zen Irla izan laugarren diskoa (Bidehuts), 2009ko uztailean grabatu zuen aurreko diskoko musikariekin, eta udazkenean argitaratu zuen. Disko honetan kantuak batzen dituen kontzepturik ez dagoela nabarmendu zuen Anarik.

Fermin Muguruza, Eraso!, Lisabö, Tulsa eta Doctor Deseoren diskoetan kolaboratu izan du Anarik.

Testua: Anara Gorostizu